Ainara ARKOTXA
Iñaki Goirizelaia zaletasun askoko errektorea, bizitza osoa ibili da bere helburuak eskuratzeko lanean gaur egun daukana lortzeko. Euskarari garrantzi handia ematen dio unibertsitatean eta bere eguneroko bizitzan eta hori bere errektoretzan garrantzi handiko faktorea izan da.
Iñaki Goirizelaia 1958an Bilbon jaio zen arren, gaur egun Marurin bizi da. Ingeniaritza telematikoan katedraduna da , unibertsitatean jardun zen irakasle bezala 1993arte minbizi batengatik bi urtez lana utzi egin behar izan zuelako. Bi urte geroago lanera itzuli zen, Bizkaiko kanpuseko errektore ordea izan zen eta 2009an EHUko errektorea izatea lortu zuen Marisol Esteban aurkaria gailenduta.
1.- Karrera bukatutakoan Unibertsitatean hasi zinen lanean bizitza osoa EHUri lotuta egon zara, zein izan da zure bizimodua bertan?
Unibertsitatea maite dut. Niretzat unibertsitatean lan egitea opari bat da. Irakastea gustatzen zait, ikertzea gustatzen zait eta gainera, ikerketaren ondorioz sortzen dugun ezagutza gizarteari ematea unibertsitateko irakasle batentzat munduko gauzarik politena da.
Nire kasuan gainera errektorea izatera heldu naiz; UPV/EHUko irakasle batentzat ohorerik handiena da hori.
2.- Erreza izan da unibertsitateko lana kanpoko bizitzarekin bat etortzea?
Edozein irakaslerentzat baietz esango nuke baina nire kasua desberdina da. Errektorea izanda konpromiso asko dauzkat eta ez daukat ordutegirik.
3.- Bi urte daramatzazu errektore bezala, gogorra izan da?
Batzuetan bai da gogorra, baina nire ustez intentsua ere izan da. Ez naiz damutzen, pena merezi duela uste dut.
4.-Zergatik erabaki zenuen errektoretzara aurkeztea? Aurkeztu baino lehen familiarekin hitz egin ahal zenuen?
Unibertsitatea da etorkizunaren atea; askotan esan dut unibertsitate barik ez dagoela etorkizunik. Horregatik hartu nuen erabaki hori. Etorkizuneko unibertsitatea eraikitzeko proiektu bat neukan eta proiektu hori gauzatzea nire lehentasuna zen une hartan. Erronka itzela zen eta da.
Bai, erabakia hartu baino lehen familiarekin hitz egin nuen.
5.- Zure errektore lanetan euskarari zelako garrantzia emango diozu?
Errektorea aukeratzeko hauteskundeetara aurkeztu ginenean, “Hamaika egitasmo … eta proiektu on bat aurrera egiteko” dokumentua izan zen gure aurkezpen-txartela. Agiri horretan argi islatu genuen unibertsitate-bizitzako alor guztietan euskararen alde egiten dugun apustua, eta eremu bakoitzerako egitasmo zehatzak aurkeztu genituen. Orain, eguneroko jardunean, egitasmo horiek betetzen ahalegintzen gara, eta esango nuke orain arte ondo goazela.
6.-Karrera askotan oraindik euskarazko materiala eskasa dela da ikasle askoren kezka. Nola konponduko da hori?
Hiru egitasmo nagusi ditugu euskarazko unibertsitate-testuen kopurua areagotzeko eta kalitatea hobetzeko. Batetik, “hizkuntza-orrazketa” deitzen dugun egitasmoan, euskaraz irakasten duten irakasleei hizkuntza-zerbitzua eskaintzen zaie, beren apunteak hobetzen laguntzeko. Bigarrenik, “sare-argitalpenak” egitasmoa deiturikoan, ikasmaterialen hizkuntza hobetzen saiatzen gara eta Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordetzaren webgunean argitaratzen dira. Eta hirugarrenik, “testuliburuen itzulpena” ekimenean, testuliburuak euskaratzen dira, euskaraz gaur beste inork eskaintzen ez duen berme-zerbitzuarekin. Horrez gain, jakina, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditugu irakasleen hizkuntza-prestakuntza hobetzeko, eta horiek ere, azkenean, euskarazko material gehiago eta hobea izaten laguntzen dute.
7.- Euskararen Plan Gidaria abian jarri da. Zertan datza plana?
UPV/EHUko Euskararen Plan Gidaria 2007an onartu zen eta 2012ra arteko hizkuntza-politikaren helburuak, estrategiak eta ekimenak zehazten ditu, unibertsitateko alor guztietarako: administrazioa eta zerbitzuak, irakaskuntza-eskaintza, ikasmaterialgintza, prestakuntza linguistikoa, ikerketa eta zabalkundea, eta erabilera. Plan ausarta da eta, aldi berean, egingarria.
8.- Boloniako plana martxan jarri berria da oraingo ikasturtean. Zelan doa dena?
Nik esango nuke ondo doala. Hasiera guztiak izaten dira konplikatuak, baina irakasleei eta ikasleei esker gradu berri guztiak martxan daude eta horrekin pozik gaude. Gradu berrien balorazioa egiteko oraindik goiz da. Urte batzuk pasatu arte itxaron beharko dugu .
9.- Gu kazetaritza, publizitate eta ikus entzunezko bigarren kurtsoko ikasleak gara, eta Boloniak, ikasleen partaidetza bultzatu nahi duelako ustean gaude. Hori ezin hobeto erakusteko aldizkari bat jarri dugu martxan, Kapuko Aldizkaria. Komunikazioaren arloan erabat murgildu nahi dugun ikasleak gara eta ikasten ari garena praktikan jartzea dugu helburu. Zerbait entzunda ahal zenuen aldizkari berri honi buruz?
Ba ez, entzun barik nuen. Baina zuk galderan esaten duzun bezala, aldizkari bat sortzea oso ideia ona da, batez ere, zuen formazioa hobetzeko.
10.- Ikasleok Kapuko Aldizkaria aurrera eramateko EHUren laguntza izango dugu? Errektorea aldizkarira harpidetzea espero dugu, noski.
Ondo, hori egina dago. EHUren eta nire laguntza dudarik gabe izango duzue.
11.-Iñaki Goirizelaia gertuagotik ezagutu nahi dugu.Zeintzuk dira errektorearen zaletasunak?
Kirolak gustatzen zaizkit baina nire benetako zaletasuna dantza da. Euskal dantzak, dantza klasikoa, dantza garaikidea …. dantza mota guztiak maite ditut.
12.- Liburuak ere idatzi dituzu zaletasuna ala lana?
Idatzi dudana testu liburua izan da. Euskaraz idatzi dut eta nire ikasleek erabiltzen dute. Testu liburuak euskaraz egitea garrantzia handikoa da eta horregatik egin nuen liburu hori. Euskararen normalizaziorako euskara unibertsitate-hizkuntza bihurtzea oso garrantzitsua da. Holako liburuek asko laguntzen dute helburu hori lortzeko. Bide horretan gure unibertsitateak lan handia egin du azken 30 urte hauetan, euskarari ekarpen garrantzitsua eginez.
13.-Badakigu Mungiako dantza taldeko zuzendaria zarela, zer da zailago EHU ala dantza taldeko gazteak zuzentzea?
Dantza eta unibertsitatea nire pasioak dira eta biak ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen naiz. UPV/EHU kudeatzea ez da lan erraza, baina oso gustura egiten dut. Dantza taldea zuzentzea errazagoa dela esango nuke, baina dantza emanaldiak prestatzea, dantza berriak sortzea eta erakustea, musikariak eta dantzariak zuzentzea eta koordinatzea … batzuetan ere konplikatua da. Baina, unibertsitateak eta dantza taldeak gauza on bat daukate niretzat: bietan pertsona gazteak daude. Horrek laguntzen nau gazteen pentsamendua eta bizi modua gertutik ezagutzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario